|
BALDINTZAK:
Deialdi hauetara aurkezteko azterketariek bete beharreko gutxienekoak.
Ikasle bezala matrikulatuta egon izana
HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetan ikasle bezala matrikulatua egon izana 2010eko martxoaren 23tik 2011ko martxoaren 24ra bitarteko uneren batean, lehenengo, bigarren eta hirugarren mailetako lehen deialdirako, eta 2010eko maiatzaren 13tik 2011ko apirilaren 18ra bitartean laugarren mailako lehen deialdirako; eta 2011ko irailaren 7ra bitartean, lau mailetako bigarren deialdirako.
Maila aitortua izatea
Azterketariak egiaztatze-deialdiotara aurkezteko ezinbestekoa izango du matrikulatu nahi dueneko maila gainditua izatea euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan aurreko atalean aipatu datetarako:
- Lehen mailarako: 106 kodea
- Bigarren mailarako: 109 edo 201 kodea
- Hirugarren mailarako: 112 edo 202 kodea
- Laugarren mailarako: 401 eta 411 kodeak
Euskaltegian edota autoikaskuntza-zentroan matrikulatuta egon eta, behar den datarako, ikasten ari den maila euskaltegian gainditu ez duen azterketariak beheragoko mailan aurkezteko aukera izango du, nahiz eta maila horretan euskaltegian matrikulatuta izan ez. Ondorio horietarako, HABEk kontuan hartuko ditu 2000-2001 ikasturtetik aurrera euskaltegiak ikasle honi Q87 n emandako emaitzak.
Maila batera baino gehiagora aurkeztu ahal izateko, ezinbestekoa izango da maila horiek euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan gaindituak izatea aurreko atalean aipatu datetarako.
Bestelako betebeharrak
Azterketariak deialdi hauetara aurkezteko ondoko hauek ere bete behar ditu:
- matrikula bideratu
- azterketa-eskubideak ordaindu
- azterketa-egunean ordurako bertan izan
- azterketako arduradunen aurrean identifikatu, nortasun-agiria edo agiri ofizial baliokideren bat aurkeztuz
MATRIKULA BIDERATZEKO ERA
Izena ematea:
Azterketarako izena ematea internet bidez egingo da, www.habe.euskadi.net atarian ikasleen sarbidean klik eginez. Bertan sartzeko, norberak duen erabiltzailearen izena eta pasahitza baliatuko dira:
Erabiltzailea:
Norberaren NANaren zenbakia, letrarik gabe.
Pasahitza:
Lehen aldiz sartzean, norberaren NANaren zenbakia –letrarik gabe- erabili behar da eta hurrengo pantailan pasahitza aldatzea eskatuko da. Handik aurrera, pasahitz hori baliatu beharko da. Ahaztuz gero, eta HABEk ikasle horren helbide elektronikoa ezagutzen badu, “pasahitza berreskuratu” aukera erabili ahal izango da. Bestela, euskaltegira edo HABEra jo daiteke.
Ondoren, jo: indarrean dauden azterketa-deialdietara. Gero, aukeratu deialdia eta maila. Hori egindakoan, sartu: matrikula egin/ikusi puntuan eta matrikulazio-orria bete eta grabatu.
Matrikula ordaintzeko bi modutara egin daiteke: On-Line* edo Off-Line*
- On-Line nahi izanez gero, baliatu nahi den kutxa edo banketxe elektronikoan klik egin eta ohiko prozedurari jarraitu.
- Off-Line aukeratuz gero, bertan dagoen ordaintzeko agiria inprimatu behar da. Agiri horrek barra-kode bat darama. Hortaz, nahi izanez gero, barra-kodeak irakurtzen dituen kutxa automatikoren batean ordain daiteke. Bestela, norberak nahi duen kutxa edo banketxera joan eta bertan ordaindu.
Ordainketa modu batean zein bestean egin, banketxeak berak emango dio horren berri HABEri, eta honek, azterketariaren matrikularen ordainketa ziurtatzen duenean, emango du gauzatutzat eta osatutzat haren matrikulatze-prozesua. Bestalde, norberak ikusi nahi badu matrikulatze-prozesua ondo burutu duen, klik egin: matrikula zertan den
Ordaintzerakoan arazoren bat izanez gero, klik egin: Ordainketa
EGOKITZAPENAK
Azterketok egoki egiteko egokitzapenen bat behar duen azterketariak, dagokion HABEren lurralde arduradunari jakinaraziko dio nolako egokitzapena behar duen (aulki, mahai edo ordenagailu berezia, entzungailuak, braille-sistema…) azterketaldiko matrikula egiteko garaian, matrikula-inprimakiak horretarako bereziki duen atala egoki betez, bertan elbarritasuna agiri ofizialez zurituz. Eskari hauen aurrean, HABEk denbora nahiz baliabideak egokituko dizkio, betiere azterketariak egiaztatu nahi duen gaitasun-maila egoki egiaztatu ahal izatea bermatuz.
Proba idatzirako leku aldaketa eskatzeko epea: Urria 3-6.
Ahozko probarako leku aldaketa eskatzeko eguna: Azaroak 21.
ORDAINKETA
Prezioa:
Matrikula 18 eurokoa izango da maila bakoitzeko. Gutxienekoak bete eta maila batera baino gehiagora aurkeztu nahi duen azterketariak zenbat matrikula, hainbat matrikula-ordain egin beharko ditu. Matrikula bakoitza deialdi baterako izango da.
Matrikula ordaintzerakoan sor daitezkeen arazoak:
-
Arrazoiak arrazoi, behin matrikula-eskubideak ordainduz gero, ez dira bueltatuko; oker bat izan, eta maila bereko matrikula birritan edo gehiagotan egin izana salbuetsiz. Kasu horretan dirua itzultzeko prozedura: eskaria izeneko formularioa erabil dezake ikasleak, bertan bere datuak bete eta e-postaz bidaliz. Eskatzaileak erantzuna e-postaz jasoko du. Eskaria onargarria dela esaten bazaio, eman beharreko pausuak eta bete beharreko agiriak ere bertan azalduko zaizkio.
Ikasleak edozein momentutan egin dezake eskari hau.
-
Matrikula egin eta inprimatutakoan okerreko maila baterako egin duela konturatzen bada, berriro egin beharko du matrikula (matrikulaldi epearen barruan) dagokion maila zuzena adierazita. Kasu hauetan oker egindako matrikula-ordainaren diru-itzulketa eskatzeko aurrez aipatutako prozedura bera baliatu beharko du. Eskari hauek onartuen behin betiko zerrendak argitara eman aurretik egingo dira.
-
Matrikula egin eta onartutako azterketarien behin-behineko zerrendan norberaren matrikula zertan den ikusi ondoren, konturatzen bada okerreko maila baterako egin duela matrikula, aipatu zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik bi egun naturaleko epea izango du erreklamazioa egiteko, eskaria baliatuz. Behin erreklamazioa onartuta, dagokion mailarako matrikula egin beharko du horretarako emango zaion epean, eta lehendik ordainduta daukana itzultzea eskatu ahal izango du. Diru-itzulketa honetarako, aurreko puntuan zehaztutako prozedura bera jarraituko da eta onartuen behin betiko zerrendak argitara eman aurretik egingo dira. Kontuan izan, maila baterako egin den matrikulak ez duela biderik ematen beste maila bateko azterketa egiteko.
OHARRA. Matrikulazio-prozesua amaituta, onartutako azterketarien behin betiko zerrendak argitara eman ondoren, ez da matrikula baliogabetzeko eskaririk eta, ondorioz, diru-itzulketarik onartuko, azterketara ez aurkezteko edozein arrazoi ematen dela ere.
AZTERKETA-EGUNERAKO OHARRAK
Iristeko ordua:
Probak esandako orduan hasiko dira. Horregatik, ordua baino ordu laurden bat lehenago bertan egon behar da. Ordurako bertan ez dagoenak ezin izango du frogan parte hartu.
Nortasunaren egiaztapena:
Azterketako arduradunaren aurrean identifikatu egin beharko da, nortasun-agiria edo argazkia duen agiri ofizial baliokideren bat aurkeztuz.
Beste hainbat ohar:
- Mahai gainean bistan ipini behar da NA (nortasun agiria), gelako arduradunak etorri direnen izenak ziurta ditzan.
- Eskuko telefonoak itzalita mantenduko dira.
- Azterketan zehar isiltasuna ezinbestekoa da.
- Arazo larririk ez bada, ezingo da gelatik irten.
- Azterketa amaitu ahala gelatik irten ahal izango da, baina ezin izango da pasilloan geratu.
- Azterketa boligrafoz idatzi beharko da, nahiz eta arkatza zirriborroetarako erabili.
|