HABE

euskadi.net

HABE:
  1. HABE
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa
Azken eguneratzea: 2005/12/22
Ezagutzatik erabilerarako jauzia
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak xedeak eta ildo estrategikoak aurkeztu ditu (2005-2009)

Hizkuntza Politika aurrera begira - Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren 2005-2009 egitasmoa (pdf, 764 kb)

Euskara biziberritzeko ahalegin handiak egin dituzte herri-aginteek eta gizarteak azken hogeita bost urte hauetan. Aldaketa nabarietako bat hiztunen kopuruan izandako hazkuntza da: euskara dakigun herritarrok bostetik bat izatetik hirutik bat izatera pasatu gara. Gainera, proportzio hori arrunt handitzen da gazteen artean (gaur egun unibertsitate-ikasketak egiten hasten direnen artean gehiago dira euskaldunak euskaraz ez dakitenak baino). Horrek berak nahitaez euskararen prestigio sozialaren alde egingo du etorkizun hurbilean.

Era berean, euskarak eremu eta maila berriak irabazi ditu eta euskararen erabilera hedatzen ari da etxeetan, gizartean, komunikabideetan, administrazioan, merkataritzan, lan munduan eta abarretan. Erabilera-esparru batzuetan ere onera egin du nabarmen euskarak: hezkuntzan batez ere, baita administrazioan eta hedabideen esparruan ere, zeresanik ez literaturgintzan. Baina badakigu, halaber, esparru ez formaletan, nola lagunartean hala lan-munduan, nola aisialdian hala familia giroan, askoz motelago doala gorantz erabilera.

Biziberritze Plan Nagusiak sei urteko ibilbidea egina duelarik, une egokia da egindakoaz eta eginkizun dugunaz gogoeta egiteko. Izan ere, Euskararen Legea lagun hizkuntza-politikaren arloan egindako bidea oparoa izan den arren, urrun gaude normaltasuna lortzetik, euskararen egoera diglosikoa baita oraindik. Beraz, egindakoa sendotzen eta bermatzen asmatu behar dugu, horretan ongi oinarritu eta aurrera jauzi egokia eman ahal izateko.

Euskara berreskuratzeko eta euskara gizartean erabat normalizatzeko eginbehar honetan, ordea, elkarren osagarri dira herri-aginteak eta gizartearen ekimena, bakoitzaren egitekoak desberdinak direlarik. Esan gabe doa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) ekinbidea irekia dela, kritikarako eta hobetzeko jendaurrean jarria, herritarren, euskara elkarteen, erakunde sozial eta politikoen eta, oro har, gizartearen proposamen eta iradokizunekin eguneratua izan daitekeena.

Hemen aurkezten ditugun lan-ildoek datozen urteotan hizkuntza politikan jarraituko dugun norabide nagusia erakutsi nahi dute. Bertan esaten den bezala, erabileraren aldeko dema honetan gizarte osoaren inplikazioa beharko dugu. Horregatik, hizkuntza normalkuntzaren inguruan elkarrizketa sozial eta politiko etengabea bultzatzea proposatzen dugu. Elkarrizketa lasaia, irekia, kritikoa, aurreiritzirik gabea, gardena, zintzoa. Euskarak ahalik eta adostasun sozialik zabalena behar eta merezi duelako.

"Hizkuntza Politika Aurrera Begira (2005-2009)" dokumentu honen bidez, erabileran aurrera egiteko konpromisoak aurkeztu nahi ditu HPSk. Gure irudiko, herritarren hizkuntz kontzientzian, inplikazioan eta konpromisoan eragitean dago koska. Politikak, legeek eta administrazioak gauza asko dituzte egiteko, baina erabakigarria gutariko bakoitzak euskarari diogun leialtasuna da. Horren harira, funtsezkoa izango da  euskara erabiltzeko gai direnen inplikazioa indartzea, beren hizkuntzarekiko lotura eta auto--estimua indartuz, euskararen lehentasunezko erabilera sustatuz eta euskararen erabilera hegemonikoa izango duten guneak sortuz. Eginbide horretan, baita ere, ezinbestekoa izango da erdal komunitatearen inplikazioa bilatzea.

Hala, gizarte bizitzan euskararen presentzia areagotu dadin, zenbait jardunbide prestatu ditugu.  Lehenik eta behin, euskararen presentzia esparru formalean nahiz informalean indartu behar dugu, hala nola, lan munduan, teknologia berrietan, aisialdian (euskarazko kultur merkatua trinkotuz eta prestigioa emanez) eta administrazio barruan -euskara lan hizkuntza izatea lortu behar dugu-.

Aldi berean, helduen euskalduntze-alfabetatzeak etengabe aldatzen ari den gizartearen behar berrietara egokitu behar du: inmigrazioa, lan mundurako glosarioak eta material bereziak. Euskara normalizatuaren eta kaleko euskararen artean etenik gerta ez dadin, bestalde, hausnarketa egin eta kaleko erabilerari berebiziko arreta eskaini beharko zaio.

Horrez gain, euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak eskaintzea eta herritarren hizkuntz eskubideak babestea herri-aginteen ardura denez, hizkuntz eskubideak babesteko zerbitzua eratuko da. Izan ere, badirudi bi hizkuntzak eskaintzen dituenari obligazioak bikoiztu egiten zaizkiola; eskubideak, ordea, erdibitu. Zerbitzu honek egiteko bikoitza izango du: alde batetik, herritarren hizkuntz eskubideak babestea, eta, bestetik, hizkuntz eskubideen urraketak gainditzeko laguntza eta aholkularitza eskaintzea.

Lan-ildo hauen bitartez, beraz, debate soziala zabaldu nahi dugu, aipatu adostasun politiko eta soziala berregin eta areagotze aldera,  euskararekin konprometiturik dauden herritar, talde, elkarte, erakunde, enpresa eta abarrekin elkarlanean.


LAN-ILDO NAGUSIAK


1. Hizkuntza politika Eusko Jaurlaritzaren baitan zehar-lerrotzat hartzea. transbertsalitate-izaera emanez.

2- Alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial eta ekonomikoek euskararen normalkuntzarekiko duten konpromisoa areagotzen saiatzea. Eragile horiei elkarlana eskaini jarrera eredugarriak hartu eta gizartera ditzaten.

3. Erdal komunitatearen inplikazioa bilatzea bai euskararen normalkuntzaren bidean, baita euskal munduari buruzko komunikazioa bideratzeko ahaleginean ere.

4. Ezagupenetik erabilerarako jauzia egite aldera, euskara erabiltzeko gai direnen inplikazio areagotzea, beren hizkuntzarekiko lotura eta auto--estimua indartuz, euskararen lehentasunezko erabilera sustatuz.

5. Euskararen diskurtso integratzailea eta erakargarria landu eta sistematikoki gizarteratzea.

6. Eusko Jaurlaritzaren gidaritzapean, herri-aginteen arteko koordinazioa eta elkarlana sendotzea hizkuntz politika kontuetan, HAKOBAren bitartez.

7. Herritarrek hizkuntzarekiko duten atxikimendua sendotzeko, gizarte-ekimeneko organismoak indartzea eta beren ekarria bideratzea, beti ere herri-aginteek diseinaturiko hizkuntz politikaren osagarri gisa.

8. Euskarazko kultur merkatua trinkotzea, zabaltzea eta normalizatzea, kultur kontsumitzaileen apeten zati esanguratsua euskaraz ase dezagun (arreta berezia eskainiko zaie Kulturaren Euskal Planean ezarritako lan ildoei).

9. Euskaraz landutako eta plazaratutako kalitatezko ekarpenak bikaintasunaren irizpideen arabera bultzatzea eta babestea.

10. Euskarazko kultur produktuak eta produktu horien sortzaileak nazioartean ezagutzera emateko estrategiak indartzea (komunikazio-politika eraginkorra, itzulpena, sustapena…).

11. Euskara normalizatuaren eta kaleko euskararen artean etenik gerta ez dadin, hausnarketa egin eta kaleko erabilerari berebiziko arreta eskaintzea.

12. Autokritika eta debatea saihestu gabe, eta prozesu sozialek eskatzen duten malgutasunez, legeak eta erabakiak betearazten saiatzea.

13. Hizkuntz politikaren arloan egindako bidea eta ondorengo urteetan eman beharreko pausoak aztergaitzat hartuta, hausnarketa eta debatea bultzatzea.

14. Euskararen aldeko jarrera politiko eta soziala bultzatzea, eta horretarako euskararen normalkuntzaren inguruan adostasun politiko eta sozial berria lortzeko lanak egitea.

15. Immigrazio Zuzendaritzarekin eta etorkinen elkarteekin elkarlanean, immigrazioaren fenomenoari modu eraginkorrean eta integratzailean aurre egitea.

16. Helduen euskalduntze eta alfabetatzearen alorrean, gizartearen eta ikasleen beharretara egokitutako irakaskuntza eskaintza landuko dugu.

17. Hedabideetan euskararen presentzia areagotzea eta euskarazko hedabideak bultzatzea.

18. Euskararen familia bidezko jarraipena sustatzea, gazteen arteko harremanetan euskararen erabilera sendotzeko eta familia osatu berrietan euskara haurraren lehen hizkuntza izateko planak bultzatuz.

19. Alor sozio-ekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko saio sistematizatuak bultzatzea, erakunde, elkarte, sindikatu eta abarren inplikazio nahiz parte hartze zuzena antolatuz.

20. Administrazioetako euskararen erabilera normalizatzeko planak indartzea, euskara zerbitzu-hizkuntza ez ezik gero eta administrazio-atal gehiagotan ohiko lan-hizkuntza ere izan dadin neurriak hartuz.

21. Gune euskaldunenetan euskararen etorkizuna bermatzeko neurriak garatzeari arreta berezia eskaini. Hori lortzeko ezinbestekoa da herriko sareen euskalduntzeari behar bezala eustea.

22. Euskaraz bizi nahi duten herritarrei beren hizkuntz eskubideak babesteko zerbitzua eratuko da.

23. Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan euskarazko baliabideak, tresnak eta aplikazio berriak garatzea. Halaber, euskararen presentzia areagotzea Internet-en, eduki digitalak sortuz.

24. Euskararen eremu osoan euskararen erabilera sustatzeko jarduna bultzatzea, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako herri-erakundeekin eta elkarteekin lankidetza bideratuz.

25. Euskararen presentzia mugaz gaindi ere areagotzea, horretarako, beste zenbait ekintzaren artean, euskal etxeekin lankidetza eta unibertsitateetako irakurle-postu programa sendotuz.

26. Euskararen Aholku Batzordearen lana bultzatzea, jarraipen-batzordeei nahiz berariazko batzordeei dagokienez.

27. Espainian eta nazioartean hizkuntza gutxituen sustapen-politiketan diharduten erakundeekin harremana sendotzea.

28. Ibilbide bat egina duten dirulaguntza-deialdien ebaluazioa egingo da.

29. Toponimia normalizatzeko lanei jarraipena emateaz gain, kartografian, bide-seinaleztapenean eta hizkuntz paisaian euskararen erabilera hedatzeari -eta txukun hedatzeari- bultzada emango zaio.

30. Sentiberatzeari dagokionez, euskaraz dakitenei erabileraren aldeko mezua igortzea, edota erdal munduari euskararen munduaren berri modu erakargarrian ematea.

31. Euskaltzaindiaren eskutik eta hainbat elkarterekin elkarlanean euskararen corpusa estandarizatzeko, modernizatzeko eta normalizatzeko lanak planifikatu eta sustatzea,

32. Bilakaera soziolinguistikoaren berri izateko ikerlanak bultzatzea (Euskal Herriko Hizkuntz Adierazleen Sistema - EAS).

33. Euskararen kalitatea bermatu eta gordetze aldera EABk markaturiko ildoak lantzea.