HABE

euskadi.net

HABE:
  1. HABE
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa
Ikasleentzako Dirulaguntzak


Ikasleentzako dirulaguntzak 2008

Dirulaguntza eskaera  ebazpena

2008ko irailaren 2ko EHAAn argitaratu da HABEren euskara-mailak edo horien baliokideak 2007/2008 ikasturtean gainditu dituzten ikasleei emango zaizkien dirulaguntzen baldintzak arautu eta deialdia egiten duen HABEren zuzendari nagusiaren EBAZPENA.

Nork eska ditzake HABEren dirulaguntzak?

1.- 2008ko lehen deialdian HABEren 1., 2., 3. edo 4. maila egiaztatu dutenek edo EGA 2007ko bigarren deialdi itxian gainditu dutenek.

2.- Halaber, 2007ko apirilaren 17tik 2008ko abuztuaren 31ra bitarteko epealdian euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro batean ikasle izanda, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatzen dituen apirilaren 8ko 64/2008 Dekretuaren arabera, eta aipatu araua indarrean sartu den egunetik (apirilaren 16tik) abuztuaren 31ra bitartean, HABEren euskara-maila batekin baliokidetutako euskara-maila bat egiaztatu dutenek ere dirulaguntza hauetarako eskubide izango dute.

Beti ere, ikasleak egiaztatu duen mailari dagozkion ikasketak euskaltegi/zentroan burutu baditu azken hiru ikasturteetan, eta ikasketa horiek berak ordaindu baditu.

Zer egin behar du baldintza horiek betetzen dituenak?

1.- Euskaltegi/zentroaren agiria eskuratu, 2005/06, 2006/07 eta 2007/08 (egiaztapenaren ondoren hasitako ikastaroak salbu) ikasturteetan zehar eginiko ikastaroen eta ordaindutako diruaren berri ematen diona.

2.- Horrezaz gain, apirilaren 8ko 64/2008 Dekretuak baliokidetutako maila bat egiaztatu izanagatik laguntza eskatzen duenak, egiaztapen horren agiriaren kopia edo dagokion Erakundeak emaniko ziurtagiria erantsi beharko du.

3.- 2008ko irailaren 9tik urriaren 8ra bitartean www.habe.euskadi.net web orrian sartu eta hor dirulaguntza eskaera egiteko datu-orrian eskatzen diren datuekin inprimakia osatu (ikasleak ordaindutako matrikula-kopuruak, beste administrazio publikoetatik jasotako dirulaguntzak eta dirulaguntza eskuratzeko bankua). Datu-orri hau osatu ondoren, gorde eta inprimatu.

4.- Internetetik sortutako datu-orria sinatuta, euskaltegi/zentroaren agiria eta egiaztatutako mailaren ziurtagiriaren agiria, hala balegokio, 2008ko urriaren 9a baino lehen entregatu behar dira HABEren egoitza batean (Donostia: Vitoria-Gasteiz kalea, 3; Gasteiz: Samaniego kalea, 2; edo Bilbo: Gran Via, 85).

Noiz egin behar da eskaera?

www.habe.euskadi.net web orriaren bitartez datu-orria osatzeko epea 2008ko irailaren 9tik urriaren 8ra bitartekoa izango da.

Eskaera HABEn entregatzeko azken eguna 2008ko urriaren 9a izango da.

Zenbat diru eskura dezake ikasleak?

1.- Egiaztatu den maila bakoitzeko jarraian zehazten den kopurua eskura dezake gehienez ikasleak:

a) HABEren 1. maila edo baliokidea: 750 euro
b) HABEren 2. maila edo baliokidea: 550 euro
c) HABEren 3. maila edo baliokidea: 450 euro
d) HABEren 4. maila edo baliokidea: 400 euro

2.- Irizpide nagusi bezala, ikasleak ezin dezake eskuratu berari euskaltegian/zentroan 2005/06, 2006/07 eta 2007/08 (egiaztapenera arte) ikasturteetan ikastea kostatu zaiona baino gehiago.

3.- Guztira; 1.300.000 euro daude banatzeko. Kopuru hau eskari guztiei erantzutera helduko ez balitz, hainbanaketa egin beharko litzateke.

Noiz erabaki eta eskuratuko dira dirulaguntzak?

1.- Erabakia 2008ko urtea amaitu aurretik hartuko da. Erabaki orduko, euskaltegi guztiei emango zaie horren berri.

2.- Erabakia argitaratzea, eskaria egiteko erabili den HABEren web gune berean argitaratuko da, baita HABEren hiru ordezkaritzetako tauletan agirian jarri ere.

3.- Ikasle bakoitzari dagokion dirulaguntza ordaindu ere, ahal dela behintzat, 2008 urtea amaitu aurretik egingo da.

HABEren mailak egiaztatzeko 2008ko bigarren deialdia

HABEren 1., 2., 3. edo 4. mailak 2008ko bigarren deialdian egiaztatzen dutenak, eta apirilaren 8ko 64/2008 Dekretuaren arabera HABEren euskara-maila batekin baliokidetutako maila bat 2008ko abuztuaren 31tik aurrera egiaztatzen dutenak 2009ko dirulaguntza deialdiaren bitartez laguntzea aurreikusten da.

Xehetasun guztiak eta argibide gehiago

Xehetasun guztiak 2008ko irailaren 2ko EHAAn argitaratutako HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenean jaso dira.

Azken eguneratzea: 2008/11/27