HABE

euskadi.net

HABE:
  1. HABE
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa
Azken eguneratzea: 2008/11/14
HABEK JAI-GIROAN OSPATU ZUEN BERE 25. URTEURRENA
Juan Jose Ibarretxe Lehendakari jauna buru zuela, azaroaren 11n, Donostiako Kursaal Jauregian HABeren 25. urteurreneko ekitaldia ospatu zen.
  • Mende laurden honetan 350.000 lagun aritu dira ikasten euskaltegietan
  • Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean izan zen Donostiako Kursaal jauregian, non helduen euskalduntze eta alfabetatzean lan egin duten 250 pertsona inguru omendu ziren.
  • Xabi Paya bertsolaria, Iñaki Salvador piano-jolea; Angel Alkain, Iban Garate eta Ane Gabarain aktoreak, Maria Berasarte abeslaria eta Aiert Beobide dantzaria izan ziren, besteak beste, taula gainean.
  • Ordezkaritza politiko zabala izan zen: Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria, Miren Azkarate Kultura sailburua, Patxi Baztarrika sailburuordea eta Joseba Erkizia HABEren zuzendaria bertan izan ziren.

HABE, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze Erakundea, duela 25 urte sortu zela ospatzeko, ekitaldia izan zen azaroaren 11n, arratsaldeko 19.30ean Donostiako Kursaalen. Duela mende laurden alderdi politikoen arteko akordio bati esker jaio zen HABE eta ordudanik erakunde hau izan da hasiera bateko gau-eskolen eta egungo euskaltegien inguruan sortutako indarra babestu eta sustatzearen ardura hartu duena. Sortu eta berehala ekin zion HABEk  helduen euskalduntze-sarea antolatu eta arautzeari.

Urte hauek guztiak oparoak izan dira euskaltegien mugimendurako: guztira 350.000 ikasle igaro dira euskaltegietatik eta euskaltegien sarea haziz joan da. Aurten, esaterako, 107 euskaltegi daude, 1.500 irakasle eta 35.000tik gora dira euskara ikasten ari direnak. Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo, gainera , 60 Euskal Etxerekin dauzka hitzarmenak.

Datu hauek argi adierazten dute eginkizun sozial garrantzitsua betetzen ari dela helduen euskalduntze-alfabetatze sarea. Eginkizun horretan udal euskaltegia duten udalen laguntza da nabaria eta, nola ez, euskaltegien lan paregabea.

Honengatik guztiagatik, beraz, HABEk bere 25. urteurrena jai-giroan ospatzeko erabakia hartu zuen, baina urte hauetan guztietan lanean aritu direnak ahaztu gabe. Horregatik, Kursaalen izan zen ekitaldian helduen euskalduntze eta alfabetatzean 25 urtez lanean aritu diren pertsonak omendu nahi izan zituen: guztira 246 irakasle eta HABEko langile dira, gehienak euskara irakasten bokazioz hasiak, asko eta asko makina bat txirotasun eta estualdi igarotakoak, baina edozeren gainetik euskararekiko duten atxikimendu eta konpromisoak lanean jarraitzera bultzatu dituenak.

Urteurrenaren ospakizunean Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza gorena izan zen, Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria buru. Harekin batera, Miren Azkarate Kultura Sailburua, Patxi Baztarrika sailburuordea eta Joseba Erkizia HABEko zuzendaria ere bertan egon ziren.

Jai-giroan ospatu zen ekitaldia ikuskizun erara prestatuta zegoen eta musika eta antzerkia uztartu zituen. Besteak beste, Iñaki Salvador piano-jolea, Xabi Paya bertsolaria, Angel Alkain aktorea, Aiert Beobide dantzaria eta Maria Berasarte abeslaria izan ziren eszenatokian. Horrez gain, Iban Garate eta Ane Gabarain aktoreek Unai Elorriaga idazleak ekitaldi honetarako propio sortutako testu batetan oinarritutako lana antzeztu zuten.

Bideoa