HABE

euskadi.net

HABE:
  1. HABE
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa
Azken eguneratzea: 2008/04/17
Eusko Jaurlaritzak eta Kolonbiako Gobernuak elkarlan protokoloa sinatu dute
Hizkuntza politikaren alorrean informazio eta esperientzia trukaketa egitea helburu. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aholkularitza teknikoa eskainiko dio Kolonbiako Kultura Ministerioari hango hizkuntza indigenen, kreoleraren eta romanesaren berreskurapenerako.

Gaur goizean Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuak, Miren Azkarate andreak eta Kolonbiako Kultura ministroak, Paula Marcela Moreno andreak, bi gobernuen arteko elkarlan protokoloa izenpetu dute, hizkuntza politikaren alorrean informazio eta esperientzia trukaketa egiteko. Protokolo honen argitan, esaterako, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aholkularitza teknikoa eskainiko dio Kolonbiako Kultura Ministerioari hango hizkuntza indigenen, kreoleraren eta romanesaren berreskurapenerako.

Ekainean urtebete egingo du Paula Marcela Moreno andrea Kultura ministroa izendatu zutela. Paula Marcela Moreno Zapata Industria Ingeniaria da, lau hizkuntza hitz egiten ditu, munduko hainbat unibertsitate eta erakunderekin kolaboratu du eta esperientzia zabala dauka kultur gaietan. Gaur Euskadira egiten ari den bisitaldian, Kolonbiako Kultura ministroak eta bere taldeak bi lan-bilera egingo dituzte Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako eta Lehendakaritzako Kanpo-Harremanetarako buruekin.

Interes handia euskararen eboluzioagatik

Gaur sinatutako Protokolo hau iazko uztailean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren goi ordezkaritzak Kolonbiara egindako bidaia baten emaitza dugu. Bertako Kultura Ministerioko arduradun gorenak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek izandako bilkuran, Kolonbiako Kultura ministerioak interes handia agertu zuen euskarak azken hiru hamarkadatan Euskadin izan duen bilakaeraren inguruan. Bai Euskadin aplikatzen ari den hizkuntza politika eta bai euskal gizarteak euskararekin bizi dituen bilakaera eta atxikimendua ere.

Aniztasun etnikoa babesten

60 bat hizkuntza dituzte guztira Kolonbian. Kolonbiako Errepublikako Konstituzio Politikoak ezartzen duenez, Estatuak herrialdearen aniztasun etnikoa eta kulturala babestu behar du. Hamargarren artikuluan honakoa dio hitzez hitz: "gaztelania Kolonbiako hizkuntza ofiziala da. Talde etnikoen hizkuntzak eta dialektoak ere ofizialak dira bakoitza bere lurraldean".

Printzipio horiek garatzeko, Kolonbiako kulturari buruzko lege orokorrak dio: "Estatuak Kolonbiako hizkuntza ofizial gisa gaztelania babestuko duela, eta herri indigenen zein beltzen eta arraza-taldeen hizkuntzak bakoitza bere lurraldean ere babestuko dituela. Halaber, nazioan mintzatzen diren hizkuntza amerindieren eta kreoleren indartzea sustatuko du,  eta gizartean horiek errespetatzeko eta onartzeko konpromisoa hartuko du".

Hutsune bat betetzera dator

Lege babesa badute, beraz, Kolonbiako hizkuntza indigenek, baina haiek bermatzen hasteko, hizkuntzak biziberritzen hasteko, ez dute soziolinguistikaren alorreko ezagutzarik. Hutsune hori betetzen laguntzera dator Lankidetza Akordio hau.

Datozen lau urteotan modu formalean eskainiko dio HPSk aholkularitza zientifikoa eta teknikoa Kolonbiako Kultura Ministerioari. Horretarako, bertako talde etnikoekin batera formulatuko du hizkuntza politika. Bi lan ildo nagusitan: hizkuntza indigenen, kreoleren eta romanesaren ikerketa garatzeko, batetik, eta hizkuntza horien guztien sustapena eta zabalkundea bultzatzeko bestetik.

Arreta berezia hizkuntzen transmisioari

HPSk eta Kolonbiako Kultura Ministerioak arreta berezia eskainiko diote hizkuntzen transmisioari, irakaskuntza-ikaskuntzan erabiltzeko baliabideen diseinuari, eta atal berezi bat eskainiko diote, baita ere, informazioaren eta komunikazioaren teknologien ezarpenari.

Bestalde, hizkuntzei buruzko dokumentazioa sortu, babestu, gorde eta berreskuratzeko baliabideak ere jarriko dira abian, dokumentazioa behar-beharrezkoa delako zientzia eta teknologia garatzeko eta hizkuntzei iraunarazten laguntzeko.

Kolonbiako hizkuntzen diagnosia

Kolonbiako Kultura Ministerioak, bere aldetik, proiektu hauek bultzatuko ditu besteak beste Eusko Jaurlaritzaren HPSren aholkularitza teknikoarekin:
. Hizkuntza indigenen, kreoleraren eta romanesaren egoera soziolinguistikoaren diagnosia egingo du.
. Hizkuntza horien legitimaziorako eta normalizaziorako lege-marko egokiaren analisia egingo du. 
. Gai horietan diharduten erakunde publiko zein pribatuei trebakuntza eta prestakuntza emango die.
. Hizkuntzen inguruko materialak argitaratu eta zabalduko ditu.
. Eta hizkuntza indigenen, kreoleraren eta romanesaren Akademiak sortzen eta sustatzen hasiko da.

Beraz, Kolonbiako Kultura Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak izenpetu duten Lankidetza Protokolo honen azken xedea hau da: Kolonbiako hizkuntza indigenak, kreolerak eta romanesa sendotu eta normalizazio bidean jartzeko oinarriak eta bideak lantzea.

Lau urterako sinatu dute Lankidetza Protokoloa. Urte baterako jarduera plana prestatuko dugu berehala, eta jarraipen batzorde bat ere eratuko dugu, bi aldeetako ordezkari eta teknikariekin. .- Lankidetza gauzatzen hasteko, HPSko ordezkaritza bat maiatzean bertan joango da Kolonbiara mintegi bat eskaintzera hizkuntzaren egoeraren inguruko diagnostikoak egiteko tresnak eta metodologia azaltzera.

Gasteiz, 2008ko apirilaren 18an

Sailburuaren hitzak (pdf, 63kb)