|
2008a Kulturen arteko Elkarrizketaren Europako Urtea dela eta, Eusko Jaurlaritzak Bruselan hainbat ekintza burutuko ditu laster, musika eta gazteria oinarri hartuta:
'Euskadiko Ikasleen Orkestra'ren kontzertua (Brusela, 2008ko apirilaren 18a)
'Euskadiko Ikasleen Orkestra'k doaneko kontzertu bat emango du apirilaren 18an, Bruselako Saint Michel Antzokian. Orkestra 14 eta 18 urte bitarteko gazteek osatzen dute eta Euskadin Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpe dauden hiru kontserbatorioetan ikasten ari dira.
Kontzertua Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak finantzatu du, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak Euskadiren Bruselako Ordezkaritzaren bitartez lagunduta. Kontzertuaren helburua da hezkuntzaren bitartez aniztasun kulturala eta kulturen arteko elkarrizketa sustatzea. Euskadiko 90 musikari gaztek eskainiko dute kontzertua eta Aita Donostia, Mozart, Grieg, Guridi eta Ginasteraren obrak interpretatu dituzte; baina, Bruselan daudela-eta EBko erakundeen funtzionamendua hurbiletik ezagutuko dute bide batez.
Euskadira itzulitakoan, gazte horiek “EBko enbaxadore gisa” arituko dira bakoitza bere eskolan, ikaskideei EBren funtzionamenduari buruzko informazioa emanez.
* Informazio gehiago: Gonbidapena [es-ue] [fr-nl ] (pdf. 620 KB)
'Musikene'ren kontzertua (Brusela, 2008ko maiatzaren 21a)
Bestalde, 'Musikene'k (Centro Superior de Música del País Vasco/Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia) beste kontzertu bat eskainiko du maiatzaren 21ean Bruselako Flagey Kultura Etxean, Euskadik EBko Hezkuntza, Gazteria eta Kultura Kontseiluan parte hartuko duela eta (Brusela, 2008ko maiatzaren 21-22). EBko ministro kontseilu horretan Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak nahiz Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak hartuko dute parte, autonomia erkidegoen ordezkari gisa.
Bi ekitaldi horietan Belgikan bizi den euskal komunitatea, Europako erakundeetako ordezkariak, diplomaziako kideak, Europako eskualdeetako ordezkariak, Belgikako gobernua eta entzule ugari ere izango dira.
* Informazio gehiago: Gonbidapena [es-ue] [fr-nl ] (pdf. 540 KB)
(Iturria: Eusko Jaurlaritza - Europako Gaiak)
|