HABE

euskadi.net

HABE:
  1. HABE
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa
Azken eguneratzea: 2009/02/27
34 euskara ziurtagiriak baliokidetu dituzte Hizkuntzen Europako Marko Bateratura egokituta
Eragin zuzena du orain arte agiria lortu duten milaka herritarrengan eta euskarara tituluren bat eskuratzeko bidean izan daitezkeenengan. Agiriak beraien artean eta Hizkuntzen Europako Marko Bateratuaren B-1, B-2, C-1 eta C-2 mailekin parekatzen ditu.

Euskararen gaitasun egiaztagiri guztiak elkarrekin baliokidetuko dituen Dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak., Kultura Sailak aurkeztutako proposamenaren harira, eta honen bitartez euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura finkatu zituen 64/2008  Dekretua egokitu du  eta handik kanpo geratu ziren titulazioak sartu ditu bere baitan, baliokidetza sistema  gutiz osatuz.

Euskarazko egiaztagiri guztiak elkarrekin baliokidetzen dituen eta Europako Erreferentzi Markoan uztartu dituen sistema honek eragin zuzena du orain arte egiaztapen-sistema guztietan agiria duten milaka herritarrengan eta hemendik aurrera euskarara tituluren bat eskuratzeko bidean izan daitezkeenengan, gainera,  baliokidetza eta aitortza sistema osorako da eta betirako da

Apirilaren 8ko 64/2008 Dekretuak euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitu zituen, euskararen egiaztagirien arteko baliokidetzak beraien artean eta hauek Europako Erreferentzia Markoarekiko ezarriz. Hala ere, kanpoan utzi ziren hezkuntza arloko titulu eta ziurtagiri batzuk, dekretuan gerora sartzeko asmoarekin. Orain gehitu diren titulazioak, Hezkuntza Sailaren Irakaspostuetarako Hizkuntza-Eskakizunak eta Hizkuntza Eskola Ofizialen plan zaharreko eta berriko titulazioak dira. Gainera, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak ematen duen EGA eta Euskaltzaindiaren D agiria ere baliokidetza koadroan jaso dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak kudeatzen duen HLEA geratu da oraingoz kanpoan, hainbat epai eta gorabeheraren ondoren Hezkuntza Saila euskara-agiri horren sakoneko aldaketa bat egiteko asmotan dabilelako. Aldaketa hori aztergai dago, eta azken erabakia hartzean argituko da orain arteko HLEAren baliokidetza eta, kasua balitz, berriarena.

Baliokidetza sistema honen bitartez, euskara-agiri guztiak Hizkuntzen Europako Markoarekin homologaturik geratu dira, eta elkarrekin baliokidetuta. Guztira 34 titulu desberdin. Horietako batzuk 1975az geroztik ematen hasiak dira  Euskararen egiaztagirien arteko baliokidetzak beraien artean eta hauek Europako Erreferentzia Markoarekiko ezarri dira. Dekretuak Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Marko Bateratuaren B-1, B-2, C-1 eta C-2 mailekin parekatzen ditu HAEE-IVAP-ek, HABEk, Osakidetzak, Ertzaintzak, Hezkuntza Sailak, Euskaltzaindiak (D agiria), Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak (EGA)  eta Hizkuntzetako Eskola Ofizialek emandako agiriak, bakoitzaren baliokidetzak ezarriz.:

PATXI BAZTARRIKA: URRATS KUALITATIBO GARRANTZITSUA

Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak azpimarratu du  marko bateratu honen garrantzia, "Oso berri pozgarria da gaur aurkeztera goazena; jende askorentzat da pozgarria. Euskara gaitasun tituluak, guztiak, baliokidetu ditugu".  Horrekin batera, Hizkuntza Politikaren Sailburuordetzaren legealdiko xedea bete da eta konponbidea eman zaio aspalditik zetorren egoerari, "urtetan milaka herritarrek, euskaltegiek eta erakunde askok egindako eskaera izan da hau. Urrats kualitatibo garrantzitsua da; legealdi hasieran inork gutxik espero zuen honetara iritsiko ginenik, bete dugu helburua, bete dugu hartutako konpromisoa. Aurrerantzean euskara-egiaztagiri guztien artean baliokidetzak izango ditugu. Arazo ugari konpontzeko balioko du horrek.".

Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak baliokidetzak  herritarrentzat izango dituen ondorio onuragarriak gogora ekarri ditu. Bere hitzetan, "hemendik aurrera, edozein esparrutan eskuraturiko euskara-tituluek esparru  guztietan izango dute balioa, eta ez du inork azterketatik azterketara, errepikatu eta errepikatu, ibili beharrik izango. Euskararen erabilera bultzatzeko eraginkorra eta onuragarria da hau guztiau, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta nik neuk, lan hau aurrera eraman duen batzordearen presidente naizenez eta Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikaren ardura dudanez, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu  hau guztiau posible egiten lagundu diguten erakunde guztiei, Jaurlaritzako sail afektatuei eta pertsona guztiei".

Baliokidetzak, gainera,  eragin nabarmenak izango ditu, Baztarrikaren aburuz, "gehiegitan identifikatzen da euskara trabarekin eta azterketen tentsioarekin. Dekretu hauekin gauzak erraztu ditugu jendea euskarara hurbiltzeko. Euskara ikasteko ahalegina egin dutenei eta egiten ar direnei bidea erraztu behar diegu, eta egiten duten ahalegina aitortu eta arindu. Horretarako pauso garrantzitsua da bukatu dugun baliokidetzen prozesu hau". 


BALIOKIDETZAK

1.- Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B-1 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:

-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 1. hizkuntza eskakizuna.

-Kultura Sailak emandako 1. mailako ziurtagiria, (HABE).

-Osakidetzako 1. hizkuntza eskakizuna

-Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako antzinako ikasketa planaren euskal ikasketen 3. maila.

-Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialek egungo ikasketa planaren baitan emandako Tarteko Maila.

2.- Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B-2 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:

-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 2. hizkuntza eskakizuna

-Kultura Sailak emandako 2. mailako ziurtagiria (HABE).

-Justizia Administrazio langileen 2. hizkuntza eskakizuna

-Osakidetzako 2. hizkuntza eskakizuna.

-Ertzaintzako 1. hizkuntza eskakizuna.

-Irakaspostuen 1. hizkuntza eskakizuna.

-Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako euskal ikasketen antzinako ikasketa planeko 4. maila.

-Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialek egungo ikasketa planaren baitan emandako Maila Aurreratua. 


3.- Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C-1 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:

-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 3. hizkuntza eskakizuna.

-Kultura Sailak emandako 3. mailako ziurtagiria (HABE).

-Justizia Administrazio langileen 3. hizkuntza eskakizuna

-Osakidetzako 3. hizkuntza eskakizuna.

-Ertzaintzako 2. hizkuntza eskakizuna.

-Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) (Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak emana eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak emana) 

- Euskaltzaindiaren D agiria.

-Irakaspostuen 2. hizkuntza eskakizuna.

- Antzinako Ikasketa Planaren baitako Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Madrilgo Hizkuntza Eskola Ofizial Nagusiko 5. maila edo euskal gaitasun maila. 

-Egungo planaren barrruan Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako menderatze operatibo eraginkorreko Gaitasun Maila.

4.- Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C-2 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:

-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 4. hizkuntza eskakizuna.

-Kultura Sailak emandako 4. mailako ziurtagiria (HABE)

-Justizia Administrazio langileen 4. hizkuntza eskakizuna

-Osakidetzako 4. hizkuntza eskakizuna.

Euskarazko egiaztagiri guztiak elkarrekin baliokidetzen sistema honek eragin zuzena du orain arte egiaztapen-sistemetan agiria duten milaka herritarrengan eta hemendik aurrera euskarara tituluren bat eskuratzeko bidean izan daitezkeenengan.  Aitortzak balio  atzera eragina du eta  orain arte euskara agiriren bat eskuratua dutenei aitortzen zaie eta  berdin hemendik aurrera aterako dutenei. Horrekin batera baliokidetza eta aitortza sistema osorako da eta betirako da. 

Egiaztagirien banaketa koadroa:

ERAKUNDEA AGIRI KOPURUA HASITAKO URTEA
Hezkuntza Saila -  EGA 85.584 1982
Hezkuntza Saila - Irakasleen HEak 23.033 1994
Hezkuntza Saila - Hizkuntza eskolak 231.576* 1975
IVAP 42.708 1987
HABE 15.288 2004
Osakidetza  7.882 2004
Ertzaintza 2.564 1998
GUZTIRA 408.635 

*Baliokidetza Dekretuak eragindako agiriak, guztira. Kopuruak oraindik ziurtatu gabe.


Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak  Nafarroako Gobernuarekin eta Ipar Euskal Herriko Euskara Erakunde Publikoarekin lanari ekin dio Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko bateratura egokitutako  sistema garatzeko bi lurralde horietan, egungo agiriak (Nafarroako Hezkuntza Sailaren EGA eta Euskaltzaindiak Ipar Euskal Herrian ematen duen D agiria) baliokidetzan sartuak dira jada. 

LAN ZORROTZA

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren Batzorde delegatuak 2006ko uztailaren 13an hartu zuen erabakia, euskarazko egiaztagiriak Hizkuntzen Europako Markoarekin erkatzeko eta parekide zirenak baliokidetzeko. Batzorde bat izendatu zuen horretarako. Gidaritza eta koordinazioa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak izan du, eta egiaztagiriren bat duten departamentuak izan dira partaide, HPSrekin batera: HABE, IVAP, Hezkuntza Saila, Osakidetza eta Herrizaingoa (Ertzaintza).

Baliokidetza Batzordea:

Batzordeburua: Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea
Batzordekideak
Joseba Erkizia, HABEren zuzendari nagusuia
Jon Urrutia, IVAPen zuzendaria
Joseba Lozano, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria
Juan Jose Agirrezabala, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria
Jose Andres Blasco, OSAKIDETZAren Giza Baliabideen zuzendaria
Juan Maria Barasorda, Herrizaingoko Giza Baliabideen zuzendaria

Zorroztasun tekniko handiz jokatu da konbalidazio taula zehazteko lanetan. Egiaztagiri sistemak ez dira elkarren artean zuzenean alderatu, baizik eta Hizkuntzen Ikaskuntza, Irakaskuntza eta Ebaluaketarako Europako Erreferentzia Markoak ezartzen dituen mailekin parekatu da haietako bakoitza, banan-banan. Europako Erreferentzia Markoa izan dugu, beraz, oinarri eta biderakusle. Hau da, homologazioa aurkitu da Europako irizpideekin.

Konbalidazio taulara iristeko beharrezkoa zen oinarri zientifiko eta zehatzaz jardutea. Horregatik, prozesu hau dena gidatu duen adituen talde bat osatu zen. Hiru adituak hauek izan dira:

 - Neus Figueras. Hezkuntza Zientzietako doktorea. Kataluniako Hizkuntza Eskola Ofizialen egiaztatze-proben arduraduna eta katalanaren egiaztagirien konbalidazio markoaren arduradunetarikoa.
- Iñaki Pikabea. Hezkuntza Zientzietako doktorea. Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Hizkuntzaren didaktikan aditua.
- Jose Francisco Lukas. Hezkuntza Zientzietako doktorea. Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Hizkuntzaren didaktikan aditua.

Aditu taldeak erabili duen prozedura izan da Europako Kontseiluak gomendatzen duena, hain zuzen ere Hizkuntza-azterketak Europako Markoarekin uztartzeko Eskuliburua-n jasotzen dena.

Horrela, egiaztapen sistema bakoitzeko dokumentu eta material ugari aztertu dituzte. Besteak beste, azterketen diseinua eta deskribapen orokorra, probak egiteko eta kudeatzeko sistema, zuzenketa eta puntuazioa, datuen analisia eta ondoren berrikusteko prozedura ikertu dituzte 45 parametroren bitartez.

Azterlan horren barruan, halaber, egiaztapen sistema bakoitzeko azterketen lagin errealak baloratu dituzte, Europako Markoarekin alderatuta. Lan hori egiteko  30 epaileren lankidetza izan dute: 30 epaile horiek ebaluaketan eta azterketen zuzenketan aritutako irakasleak ziren. Guztira 125 azterketa-lagin erreal aztertu eta konparatu dituzte. Ondorioz, egiaztapen-sistema desberdinen maila bakoitza Europako Markoarekin erkatu dute., horrek dituen abantaila guztiekin: nazioarteko estandarretan oinarritua egotea, gerora sor daitekeen edozein egiaztagiri marko bateratu honetara biltzeko erraztasuna, eta abar. 

Donostia, 2009ko otsailaren 27a

 

Baliokidetza koadroa (pdf, 122kb)