HABE

euskadi.net

HABE:
  1. HABE
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa
Transmisioa indartzeko programa pilotua Buruntzaldean.
Materialen oinarriak eta ezaugarriak


Alex Mungia eta Xabier Elortza 

Sarrera

Artikulu honen xedea da Buruntzaldeko udalek (AndoainAstigarragaHernaniLasarte-OriaUrnieta eta Usurbil), hainbat ikastetxerekin batera, abian jarri duten familia bidezko hizkuntza-transmisioa indartzeko sortu ditugun materialak eraikitzeko irizpideak eta gogoetak aditzera ematea.

Gure afizioz eta ofizioz, batez ere,  hizkuntza-kontuez dakigu zer edo zer, baina, era berean, zabalik eta erne gaude gure oinarri teorikoak eta praktikoak aberasteko. Ildo horretatik, lan hau egiteko ardura hartu genuenerako, landuta genuen, neurri batean edo bestean, emoziozko adimenaren bidea: ikastaroren bat eginda genuen, liburu batzuk irakurrita, zenbait artikulu jorratuta eta gure inguruan (hezkuntza-arloan, nagusiki) gauzatzen diren hainbat jardueraren berri ere bagenuen. Hortaz, arlo horri dagokionez, egin duguna da euskalgintzako eremura ekarri  adituek diotena. Ez besterik.

Hizkuntza-kontuak ez dira soilik filologia- edo gramatika-arlokoak, esaterako. Hizkuntza batean edo bestean hitz egitea, hizkuntza bat erabiltzea, hizkuntza bat ikastea… oso gauza afektiboak dira. Burua eta bihotza, sentitzeko gaitasuna eta pentsatzeko ahalmena; horra hor bizitzan aurrera egiteko  behar ditugun bi alderdiak. Beraz, horiek horrela, oso aintzat hartu ditugu emozioak lan hau sortzeko, sinistuta gaudelako horixe dela arrakastarako bidea.

Bestalde, oso argi izan dugu erronkaren nolakoa, besteak beste, etxe barruko eremu pribatuan ere eragiteko materiala sortzea eskatu zigutelako (bikote-hizkuntza, lehen hizkuntza, etxeko hizkuntza); eta jakin badakigu etxebizitza barruko jardueran eragiten saiatzeko ahalegina irristakorra izan litekeela eta, horrekin batera, ezinbestekoa dela errespetuz egitea. Gurasoentzako liburuxkaren (pdf, 2,38 MB) bitartez ez dugu nahi inor behartu ezertara. Gonbita da. Proposamen batzuk egiten ditugu, gurasoek praktikara eraman ditzaten, haiek hala erabakitzen badute.

Ildo horretatik, gurasoentzako liburuxkaren helburua da gogoeta sustatzea aita-ama izatearen nolakoaz nahiz etxeko euskara-erabilera handitzearen aukeraz. Eta aholku-liburuxkak (pdf, 1,66 MB), berriz, hizkuntza-jokabideei buruzko hausnarketa patxadaz egitera gonbidatzen du, gure hizkuntza-egoera konplexuan sortzen zaizkigun zalantzak eta kezkak argitzeko lagungarri izan nahi duten zenbait aholku emanez. 

Testuingurua

Buruntzaldeko programa pilotuak hainbat ezaugarri ditu ezer baino lehen azpimarratzea merezi dutenak.

Xede-taldeak dira, alde batetik, eskualdean guraso izateko zorian daudenak (haurdun daudenak), eta, bestetik, bi edo hiru urteko seme-alabak dituzten gurasoak. Lehen multzora iristeko eskualdeko osasun-zentroekin lan egin da eta, bigarrenera iristeko, berriz, sei ikastetxeren lankidetza bilatu da (udalerri bakoitzeko bat).

Aipagai ditugun materialak ikastetxe horietan aita eta ama horientzako sortu ditugu, beharrezkoak izan baitira prozesu horretan ezarritako helburuak lortzeko. Materialak egiten hasterako, euskara-zerbitzuetako teknikariek ikastetxeetako zuzendaritza-taldekoekin zein tutoreekin sustaturiko lankidetza-bidean eginda zituzten hainbat urrats:

  • Euskararen familia bidezko transmisioa indartzeko programa pilotuaren oinarri teorikoak: haurrak nola ikasten dituzten hizkuntzak (motibazioa, ezagutza eta erabilera), eskolaren garrantzia eta mugak, etxearen garrantzia, hiztunak osatzeko mekanismoa, egiten ari diren lana hobetzeko proposamena (esperientzia pilotuak), plan pilotuaren definizioa (familia-motak, helburuak).
  • Galdetegi bat pasatua zieten gurasoei: nortzuk bizi diren ikaslearekin etxean, ba al dakiten euskaraz eta nola hitz egiten duten beren artean.
  • Azkenik, hurrengo urratsak eta kronograma: bilerak tutoreekin, aditu baten hitzaldia, programan parte hartzea (ipuin-, kantu- eta jolas-bildumak, aholku-liburuxkak…) eta, amaieran, balorazioa egitea.

Xede-talde horren baitan, era berean, helburu berezituak aurreikusi ziren gurasoon hizkuntza-tipologiaren arabera, uste izanda ezberdina izan zitekeela bakoitzaren esku-hartzea guraso biak euskaldunak izan, bietako bat bakarrik izan edo biak erdaldunak izanda. Orobat, lehentasuna eman nahi izan zaie euskaldunak izan, baina, sarritan gertatzen den bezala, erdaraz hitz egiteko ohitura duten gurasoei.

Testuinguru horretan ailegatu zen gure mahai gainera aholku-liburuxka eta gida metodologikoa egiteko eskaera. Helburu horien harira, materialetan bi norabide landu behar ziren:

  • batetik, hizkuntza-tipologien arabera, gurasoek hizkuntzaren transmisioa eraginkorrago egiteko aholkuak eskaintzea.
  • eta, bestetik, erdaraz egiteko ohitura zuten guraso euskaldunentzako gida metodologiko bat-edo egitea, familiako eguneroko harremanetan euskara gehiagotan eta hobeto erabiltzen laguntzeko.

Horrekin guztiarekin batera, programaren izaera pilotua azpimarratu behar da. Han-hemen egin izan diren tankera bertsuko beste programa batzuetako ekarpenak begien aurrean edukita, urrats eraginkor bat egin nahi izan da hizkuntza-ohiturak hobetzen joateko gida bat eskainiz, sei ikastetxeren esparruan burutzen ari ziren prozesuan erabiltzeko. Ikasturte bukaeran, ekainean, ebaluatu egin beharko da, emaitzak aztertu eta, horrela erabakiz gero, hainbat hobekuntza taxutu, bai produktuan (materialetan), bai eta prozesuaren kudeaketan ere.


Hasierako erabakiak

Materialen arloko lana bikoitza izanik -guraso-mota guztientzat aholkuak prestatzea eta guraso euskaldunentzako gida metodologikoa prestatzea-, hartutako lehen erabaki metodologikoa izan zen gidari heltzea lehenik eta aholku-bildumak prestatzea ondoren.

Horrekin batera, erabaki zen sortze-lana HABEko teknikariok egitea, baina hasieratik elkarlan-prozesua indartzea Soziolinguistika Klusterrarekin, eta bigarren aldi batean elkarlana HPS eta Buruntzaldeko udaletako euskara-teknikariekin osatzea.

Horrela, bada, hiru maila bereizi genituen:

  • Lehendabizi, guri zegokigun lehen zirriborro-proposamena egitea.
  • Ondoren, Sozioliguistika Klusterreko (SK) teknikariarekin harreman estua izan behar genuen, haien ardura izango baitzen gurasoei hitzaldia ematea eta haiekin zuzenean jardutea, eskolako profesionalekin batera.
  • Azkenik, HABE eta SK-ko teknikariok irizpideak bateratu ostean, gainontzeko erakundeetako teknikariekin jarri behar genuen ados, hots, udaletako euskara-teknikariekin eta HPSko lankideekin.

Ikusten den bezala, erronkari heltzeko, erakunde eta teknikari asko. Baina zorionez, prozesu hura gogora ekarriz, pozteko arrazoiak besterik ez ditugu, ardatzik garrantzizkoenetan bat egin eta primeran moldatu baikinen. Horren guztiaren ondorioz, aberastu egin zen argitara emandako lanaren kalitatea.

Horrezaz gain, sortze-lanetan kezka berezia izan genuen aldian-aldian jasotzeko 2-3 urteko umeekin lanean aritzen diren irakasleen iritzia.

Azkenik, lanaren diseinua eta maketazioa HABEn bertan egitea erabaki zen. Eta, ondorioz, horixe egin du Enrike Larrarte lankideak.
 

Guraso euskaldunentzako gida metodologikoa

Berehala hasi ginen eginkizuna irudikatzen. Hasiera hartan, euskararen erabilera bultzatzeko egoerak pentsatu, eta menu moduko bat egitea bururatu zitzaigun. Adibidez:

  • Etxean, eskolako atarian, parkean…
  • Etxeko sukaldean, egongelan, logelan…
  • telefonoa hartzean lehen hitza euskaraz egitea oso garrantzitsua dela erakusteko…
  • edo euskarazko prentsa kontsumitzearen premia azpimarratzeko…
  • edo euskarazko produktuak kontsumitzeko beharra ikustarazteko…
  • edo halakorekin euskaraz egitearen komenientzia begien aurrean jartzeko…
  • edo … …

Beraz, egoera batzuk deskribatuko genituen, irudi erakargarri batzuez hornitu, mezu egokiak eman, praktikara eramateko proposamenen bat egin, hizkuntza-arloa ere neurriren batean landu, diseinu eta maketazioarekin asmatu (arina, begietatik sartzeko modukoa, praktikoa, etab.)…

Baina geure ingurura begiratu, hainbati iritzia eskatu eta hausnarrean ibili ondoren,  seguru ginen horrek "betiko" emaitza emango zuela, ez genuela bilatzen genuen arrakastarik lortuko, hau da, gutxi batzuengana ailegatuko zela mezua, baina gehiengoa  "euskara-euskara-euskara" mezuaren aurrean ez zela inplikatuko eta, are okerrago, kontrako efektua lortzeko arriskua ere indar genezakeela horrela. Beste modu batera esateko, hizkuntzaren gorabeherekin sentsibilizatuta zeudenengana ailegatuko ginela berriro ere baina albo batean geratuko zitzaizkigula hain sentsibilizatuta ez zeudenak -ustez, gehienak-. Bi hitzetan laburtzeko, arriskuak aurreikusi genituen, eta erabaki genuen merezi zuela beste ahalegin bat egitea.

Gainera, gida metodologikoa eskatu zitzaigun, hots, zer nola egin behar den esplikatzea -txantxetan, erretzeari uzteko metodoen antzeko bat sortu behar genuela esaten genion elkarri-. Era berean, arina, polita, erakargarria, gurasoen interesa piztuko zuena, kanpainaren asmoekin bat egingo zuena eta abar.

Hasieran, lan asko sortzeko unean izaten den modura, galderak ziren nagusi, eta, ezinbestean, gehiago zehaztu behar genuen jasotako eginbeharra:

  • Nola irabazi gurasoak eta ez uxatu?
  • Nola lortu arrakasta?
  • Zein eduki eta norabide eman gidari?
  • Nortzuk izango dira erabiltzaileak?
  • Nola erabiliko dute?
  • Nola neurtuko da arrakasta?
  • Zertan eragin behar dugu, arrakasta lortzeko?
  • Nola ailegatu ahalik eta gurasorik gehienarengana?
  • Eraginkorra izango al da "erretzeari uzteko metodo" baten antzekoren bat kaleratzea
  •  … …


Hurrengo aldia izango da buruan dabiltzan galdera guztiei erantzuten joatea eta materialei egitura eta norabide bat eskaintzeko moduko kontzeptualizazio bat lantzen joatea.

Ahalegin horretan ari ginela, duela urte batzuek Albert Serrat irakasle katalanarekin komunikazioaren magiaz (1) egindako ikastaroaz gogoratu ginen, geroztik ere etengabe landu eta jorratzen diharduena (2), eta iruditu zitzaigun egiten ari ginen gogoeta gorpuzten lagungarri gerta zekigukeela. Beste hainbat gauza interesgarrirekin batera, orduantxe jaso genuen Programazio Neurolinguistikoaren arloan (PNL) Robert Dilts-ek landutakoaren berri.

Egin beharreko gida metodologikoaren helbururik behinena zen guraso euskaldunen hizkuntza-jokabideetan aldaketa sustatzea, eta, horregatik, jokabide-aldaketei buruzko oinarrizko kontzeptualizazio bat behar-beharrezkoa genuen.

PNLa oso zabala eta aberatsa da, eta, gure eginkizunean laguntzeko, horren baitako atal batean ardaztu genuen gogoeta: Robert Dilts-en pentsamenduaren maila logikoetan. Robert Dilts-en ereduak (3) aukera ematen du hausnartzeko aldaketez, ikaskuntzaz eta komunikazioaz, eta lagungarri gerta daiteke jakiteko non eragin behar den, lortu nahi den aldaketa erdiesteko.

Galdera da: Non eragin aldaketa lortzeko? Non eragin gurasoek euskaraz egiteko ohitura handiagoa har dezaten?

Eredu horren arabera, gizakion pentsamendua hainbat maila logikotan edo maila neurologikotan antolatzen da.

Gizakion pentsamendua. Maila neurologikoak

 

  1. Lehen maila espiritualtasunari dagokio. Horixe da mailarik sakonena, eta hortxe aztertzen ditugu galdera metafisiko nagusiak. Zergatik gaude hemen? Zertarako? Maila honetan izandako aldaketek eragin itzela dute gainerako mailetan.
  2. Bigarren maila nortasunari dagokio. Nork bere buruaz, balore nagusiez eta bizitzako eginkizunari buruz duen oinarrizko ideia da.
  3. Hirugarren maila usteei dagokie. Egia direla uste izan eta gure eguneroko bizitza garatzeko erabiltzen dugun ideien multzoa da.
  4. Laugarren maila gaitasunei dagokie. Bizitzan erabiltzen ditugun portaera, trebetasun orokor eta estrategiei dagozkie.
  5. Bosgarren maila jokabideei dagokie. Egunero egiten ditugun (ez ditugun) ekintza zehatzak dira.
  6. Seigarren maila, aldiz, inguruneari dagokio. Maila honetan daude espazioa., denbora eta gure inguruan dauden gainerako izakiak.

Dilts-en ereduaren arabera, ez da nahikoa lortu nahi diren jokabide-aldaketak definitzea. Goragoko maila neurologikoetan ere eragin beharra dago: gaitasunetan eta, batez ere, usteetan. Usteek gaitasunak hautatzen dituzte, eta gaitasunek jokabideak, eta horiek, era berean, ingurunea eraikitzen dute.

Gure usteek eragin izugarria dute gure jokabideetan; motibatu egiten gaituzte eta moldatu egiten dituzte gure jokabideak. Oso nekeza da ezer berria ikastea atsegina izango dela eta gure mesederako izango dela uste izan gabe. Bestalde, usteak dira gure bizitzaren gidari; egonkortasuna eta jarraitutasuna ematen digute.

Usteak, hala ere, aldatu eta garatu egiten dira. Geure buruari buruzko iritzi ezberdina dugu, ezkondu egiten gara, banandu, lagunak eta adiskideak aldatzen ditugu eta ezberdin jokatzen dugu, gure usteak aldatu egiten direlako.

Hori guztia kontzeptualki koherentea iruditzen bazitzaigun ere, ezin genuen ahaztu gure eginkizuna gida metodologiko bat sortzea zela eta, gehienez ere, egoera jakin batzuetarako (ingurunea) ekintza batzuk (jokabideak) proposatzera eta horiek errazago egiteko teknika batzuk (gaitasuna?) eskaintzera irits gintezkeela.

Hala ere, gero eta argiago genuen usteetan eragiten ahalegindu behar genuela, esan bezala, motibazioaren eragilerik handiena delako.

Eta une horretan lotu genuen gure gogoeta beste mundu kontzeptual batekin: Daniel Golemanen "emoziozko adimena" kontzeptuaren inguruan azken hamarkada luzean garatu denarekin.

Golemanen esanetan (4) arrakasta lortzea hainbat aldagairen baitan dago. Hainbat ikerketa aipatuz, arrakasta bi aldagai multzoren baitan jartzen du: abilezia teknikoak eta abilezia emozionalak, baina oso proportzio ezberdinean: %20 abilezia teknikoen mende eta %80 abilezia emozionalen mende.

Lanerako eredu kontzeptual baliagarria lantzearekin batera, ezagutzen dugun errealitatearen errepresentazioa egin dugu. Gure ustea izan da betiko ekintzak eginda, betiko emaitzak lortuko ditugula, eta pausu bat aurrera egin beharrean gaudela. Ahalegin bat egin, behintzat.

Gaur egun euskararen alde egiten den diskurtsoak iruditzen zaigu ez duela prestigio handiegirik euskaldun askorengan. Euskaldun asko asper samartuta sumatzen ditugu euskararen sustapenaren arloan erantzukizuna duten talde eta erakundeen aldetik euskararekiko leialtasun handiagoa izan behar dutela entzuteaz. Ezagutza eta erabileraren arteko aldea leuntzeko ahalegin handiagoa eskatzen zaio euskaldungoari, eta halako barne-gatazka batean bizi gara: ustea/jokabidea.

Hainbatengan halako kontzientzia txar bat sortu izan da, besteak beste, bizkar gainera etorri zaielako euskarak aurrerago egiten ez badu, beraien behar besteko ahalegin ezagatik dela. Emozioen ikuspegitik, euskaldun asko ez dira eroso sentitzen. Izan ere, euskalduna sentitu arren, jokabide negatiboaren pertzepzioa nagusitzen baita askotan. Gogoan hartu beharreko aldagaia iruditzen zitzaigun.

Bestalde, gurasoen hizkuntza-tipologia multzo itxietan ulertzea baino egokiago iruditzen zitzaigun modu irekian ulertzea. Euskaraz dakienak erabiltzeko duen ohitura  aldatu egin daiteke egoeraren, gaiaren eta inguruaren arabera. Bestela esan, euskalduna izan eta euskaraz egiteko ohitura duenak ere noiz edo noiz, egoera jakin batzuetan, ez du erabiliko, eta, alderantziz, erabiltzeko ohiturarik ez duenak segun eta zein egoeratan erabili egingo du.

Beraz, teoria-mailan kontuan hartzekoa iruditu bazitzaigun ere hasieran egindako hizkuntza-tipologien araberako sailkatzea, praktikara eramateko orduan makina bat eragozpen ikusi genizkion. Gure ustez, egoerak egoera eta hizkuntza-mailak hizkuntza-maila, erronka nagusiak izan behar du nork bere egoera zehatzetik urrats bat aurrera egiteko aukera eskaintzea, beti ere, jendearen interesa piztuz eta alderdi positiboak landuz.

Ondorioz, iruditzen zitzaigun gidak euskaldun guztiei erantzun behar ziela, nork zein egoeratan egin nahi duen ahalegina bere kasa erabaki dezan, alderdi negatiboak ezabatuz, hau da, galera, zigor, bekatu, frustrazio… kutsua ahaztuz eta, aitzitik, irabazi, aberastasun, ilusio edota pozaren sentimenduak azpimarratuz.

Hortaz, argi genuen gure helburuetarako ona izango zela emozioen bidea jorratzea, lehen adierazi bezala, gizakiok arrakastara eramaten gaituzten abilezien %80 emozionalak direlako. Burua eta bihotza, beraz. Ikuspegi horren zilegitasunak pisu handiagoa hartu zuen, bestalde, une horretan bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta (5), Gipuzkoako ikastetxe askotako zuzendaritza-taldeetako kideak gai hori lantzen ari zirelako, eskoletan sakoneko aldaketak eragiteko tresnarik hoberena delako ustean.

Esperientzia pilotuan 2-3 urteko umeen gurasoak harrapatu nahi izan ditugu eskolaren bitartez, pentsatzen dugulako guraso horiek oso sentiberak direla une horretan eta prest egongo direla hainbat gauzatarako -interesa dute, jarrera ona, arreta jartzen dute…-, baina, aita edo ama izateaz gain, adiskide, lankide, seme-alaba eta beste hainbat gauza ere bagara, eta hizkuntzak lekua du horietan guztietan. Pertsona gara batez ere, pertsona poliedrikoak, rol eta egoera ezberdinak bizi ditugunak eta, guraso-mailako beharrekin batera, bikote eta lagun arteko beharrak eta bakarkakoak ere baditugunak. Ikuspegi horretatik, iruditzen zitzaigun gidak pertsona-izaera osoari begiratu behar ziola.

Gainera, koherente izateko, ezin dugu ahaztu, hizkuntzarekin lotutako kezkekin batera, garai horretan gurasoek kezka berezia dutela seme-alaba hobeto nola hezi asmatzearekin.

Adibidez, hizkuntzaren alderdiari erreparatuz gero, euskara-gaitasun nahikorik ez duen bat baino gehiago dago ez dakiena euskaraz edo erdaraz hitz egin behar dien seme-alabei edota, erdaldunak badira, zer egin dezaketen beren seme-alabak elebidunak izan daitezen. Baina, guraso izatearen aldetik, oso kezkatuta egon litezke jateko kontuekin, lo egiteko arazoekin, umea eskolan hain txiki utzi behar izatearekin, zigorren nolakoarekin, zeloen gorabeherekin, txupetea erabiltzearekin, pardel edo pixoihalarekin, etab.

Ildo horretatik, gidak interesgune horri ere erantzun behar ziola iruditzen zitzaigun, eta hizkuntza-kontuak bigarren maila batean uztea erabaki genuen -itxuraz, behintzat-. Izan ere, edozein jardueraren azpian beti dago hitza, eta, helburuak gogoan, aldian-aldian egin dugu hizkuntzaren alderdiari heltzeko gonbita. Hori bai, guraso bakoitzak erabakiko du zeri heldu eta zeri ez. Guk proposamena, gonbita egin dugu. Nolabait esateko, inor ito gabe, eskua eman nahi izan diogu.

Gogoeta horiek guztiak oinarri guraso euskaldunentzako gida osatzeari ekin genion.

Gurasoentzako liburuxka

Gurasoentzako liburuxka

pdf ikonoaGurasoentzako liburuxka.pdf (pdf, 2,38 MB)

Izenburuak berak adierazi nahi izan ditu arestiko gogoetan jasotako hainbat alderdi. Alde batetik, adierazi nahi du lantzen duen gaia ez dela bakarrik hizkuntza edota euskararen gaia, zabalagoa dela, eta zerikusia duela gurasoek seme-alaben eredu izatearen alderdiarekin. Bestetik, gida metodologikoaren kontzeptua bertan behera uztea ere deliberatu genuen, askori eduki konplexua, teknikoa, neurri batean neketsua iradoki ziezaiokeelakoan. Horren ordez, "Gurasoentzako liburuxka" erabiltzea erabaki genuen, hurbilagoa gerta zedin.

Liburuxka gonbite modura aurkezten zaie erabiltzaileei, gogoeta sustatzeko tresna modura, bai aita-ama izatearen nolakoaz, bai euskararen erabilera handitzearen aukeraz, eta baita tresna-bilduma modura, nork bere bidea aberasteko, bai pertsona mailan, bai guraso moduan.

Egitura arina mantentzen saiatu gara, erabiltzaileari nahi duena, gustukoa duena jorratzea proposatzen zaio. Tamainaz ere erraz erabiltzeko modukoa izatea bilatu dugu (A5 tamainako kiribildun koadernoa). Maketazioari erreparatuta ere, testu larregi ez, eta marrazkiak eta zuriuneak ugaltzea bilatu da.

Liburuxkak saio bakoitzaren eta guztien arteko orekari erreparatu nahi dio. Bost saio proposatzen dira lanerako. Saiootan, batetik, emozioekin lotutako gairen bat jorratzen da (aurreneko lau saioetan), gogoeta bultzatzen da eta proposamen eta tresna jakin batzuk ere eskaintzen dira, eta, bestetik, euskararen gaia lantzen da (saio guztietan eta guztiz bosgarrenean).

Adibidez: geure bizitzan helburuak jartzeak duen garrantzia ikusita, helburuak nola jarri azaltzen dugu, eta gurasoak erabakiko du zer lortzeko erabiliko duen metodologia hori.

Saio bakoitzak egitura bertsua du:

  1. Sarrera. Bi azpiatal ditu:
    1. Testu labur bat, hainbat gai interesgarriri buruzko informazioa emateko: emozioen garrantziaz, geure bizitzan helburuak ezartzeaz, umorearen eta barre egitearen garrantziaz, ez haserretzeaz.
    2. Horrekin batera 2/3 urteko haurra duen guraso batek edozein unetan bizi lezakeen egoera bat eskaintzen zaie: goizeko haserrea etxeko irteeran, eskolatik jasotako oharra, hitzalditxo bat eman beharra, ipuina kontatzeko ordua, bikotekidearen urtebetetzea.
  2. Zer-nola, edo hobetzeko proposamena lantzeko atala. Atalak hiru azpiatal ditu:
    1. Zure golkorako galderak. Nork bere egoeraren gainean gogoeta egiten laguntzeko
    2. Hobetzeko bideak: norberak eman nahi dituen urratsak lantzeko tartea.
    3. Proposamena lantzeko tresnak: eginkizuna burutzen lagunduko duten teknikak, jarraibideak…
  3. Agenda, egindako saiakuntzei buruzko ohar laburrak jasotzen joateko: zertan saiatu den, zer lortu duen, sentipenak eta proposamenak.

Amaieran agenda orokor bat eskaintzen da, nork bere oharrak jaso ditzan. Egutegi baten itxura du aste bakoitzaren ondoan lauki huts batekin, zer edo zer egiten saiatu badira X bat jar dezaten. Egutegiak 2006ko martxoa-apirila-maiatza-ekaina hilabeteak jasotzen ditu. Segidan, saiakeraren bat egin baldin badute, zer-nolako sentsazioak izan dituzten jasotzeko tokia eskaintzen zaie. Agenda hori esperientzia pilotu honen ebaluazio-tresna modura erabiliko dute Soziolinguistika Klusterrekoek.

Material horren banaketa ikastetxez ikastetxe antolatu diren hitzaldi-bileretan egin da. Hitzaldi horietara ikastetxeko guraso euskaldunak gonbidatu dituzte eta Soziolinguistika Klusterrak guraso horien seme-alaben tutoreekin batera hitzaldi-bilera bat gidatu dute, guraso izatearen eta euskararen erabileraz gogoeta egiteko. Testuinguru horren baitan aurkeztu zaie materiala eta hurrengo asteetarako lan-proposamena luzatu.

Hitzaldietara agertu ez diren gurasoei ere banatu zaie materiala, hala egokitu denean, seme-alabaren tutorearen eskutik, edo, bestela, seme-alaben bitartez.

Liburuxkaren osagarri etxean erabiltzeko ohar-blokak ere banatu dira, oroigarri-eginkizuna betetzeko asmoz.

Aholku-liburuxka

Aholku liburuxka

pdf ikonoaAholku-liburuxka.pdf (pdf, 1,66 MB)


Izenburuan bertan islatzen den moduan, material horretan zuzenago jo dugu hizkuntzaren alderdia azpimarratzera. Material horren bidez ez da aparteko elkarreraginik bilatzen. Helburua du gurasoen zalantza batzuk argitzea, irizpide batzuk eskaintzea seme-alabak ahalik eta euskaldunenak izan daitezen; beti ere, kontuan hartuz gurasoen hizkuntza-tipologia.

Hasierako asmoa zen guraso-tipologia bakoitzarentzat berariazko aholku-sorta berezitua sortzea. Hala ere, kontuan izanda horrelako kezkak sarritan hizpide izaten direla gurasoen artean, egokiena iruditu zitzaigun aholku guztiak liburuxka bakar batean paratzea, edonork eskura izateko edozein  hizkuntza-tipologiako gurasoei zuzendutako aholku-sorta.

Euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako liburuxka bakar batera etortzea erabakita, egokia iruditu zitzaigun haurraren hizkuntza-garapenaz eta familiaren eta eskolaren egitekoaz ere gogoeta labur batzuk egitea, oinarrizko testuingurua finkatze aldera. Hortik aurrera, guraso euskaldunei zuzendutako aholkuak eskaintzen dira (euskaraz), guraso erdaldunei begirakoak (gaztelaniaz) eta bikote mistoei buruzkoak (euskaraz eta gaztelaniaz).

Formatuari dagokionez, erabiltzeko erraza izatea bilatu dugu. Horrexegatik, ahalegindu gara tamaina handiegia izan ez dezan (A5), idazkera ahalik eta samurrena izan dadin eta testuaren maketazio arin samarra egiten, sumarioak eta marrazkiak txertatuz.

Materialaren banaketa Soziolinguistika Klusterrak ikastetxeetako tutoreekin batera burutu dituzten hitzaldi-bileretan egin da.

Ondorioak

Programa pilotu baten testuinguruan sortu dira material hauek, eta 2006ko martxotik maiatza-ekaina bitartean erabiliko dira. Itxaron egin beharko da jakiteko zer-nolako harrera duten eta zein neurritan komeni den horiek berregitea. Programaren jarraipenaz eta ebaluazioaz arduratzen ari den Soziolinguistika Klusterrak eta horiekin batera parte hartzen duten euskara-teknikariek, eskoletako tutoreek eta gurasoek eurek esan beharko dute hori.

Dena den, sinistuta gaude materialen ahalbidea mugatua dela jokabide-aldaketa eragin nahi duen edozein programaren baitan. Prozesuaren kudeaketak askoz ere zeresan handiago du horrelakoetan. Materialak eskasagoak izanda ere, gogoa, enpatia, emozio positiboak egoki bideratzen badira, arrakastarako aukera handiagoak daude, material oso egokiak izan eta prozesuaren kudeaketari dagozkion gainerako alderdiak ahulago dabiltzanean baino.

Gogoeta molde hori behin baino gehiagotan izan dugu hizpide eta, agian, beste artikulu baterako gaia ere har dezake: euskalgintzan ez ote zaie arreta handiegia ezartzen materialei, produktuei, eta, aitzitik, behar baino gutxiago prozesuak egoki kudeatzeari?


(1) Serrat. A.: La capacidad de comunicación y el éxito en la gestión de grupos HABEk antolatutako ikastaroa. 2001eko ekainaren 19tik 21era. [itzuli]
(2)  Serrat. A.: PNL para docentes. Mejora tu conocimiento y tus relaciones. Barcelona: Grao, 2005. [itzuli]
(3)  O'Connor, J.; Seymour, J.: Introducción a la PNL. Barcelona: Urano, 1995. [itzuli]
(4)  Goleman, D.: Emotional Intelligence. Nueva York: Bantam, 1995. [itzuli]
(5)  Guridi, J. R.: Emoziozko adimena hezkuntza sisteman: Gipuzkoako esperientzia. In Ezagutzaren Clusterra: Nola sortu ikaskuntza eta ekintzailetasun gaitasunak. Bilbo: PMP, 2005, 29-34. [itzuli]

 

 

 

Azken eguneratzea: 2006/06/20